GU

Azmarrin jarri genion izena gure taldeari: hausnarrean. Gure helburua oiartzuarrak hausnarrean jartzea baita.

Ez dugu gai finko bat, ezta gai horiek lantzeko molde jakin bat ere. Baina bi zutabe nagusik eusten dituzte gure helburuak: sozialismoak (izaera ezkertiarrak) eta independentziak. Alegia, ezkerreko Euskal Herri baterako pentsatuta daude antolatzen ditugun ekimenak. Baina bi zutabe horiek dogma gisa onartu beharrean, hain zuzen ere, ideia horietaz pentsatu nahi dugu, sarritan erabiltzen ditugun hitz potoloen azpian dauden ideiak atera, panfletoetatik argumentuak sortu. Nolabait, diskurtso ofizialetatik kanpora geratzen diren bestelako ikuspuntuak, bazterreko begiradak, ikusarazi. Hori horrela izanik, ekologia, feminismoa, buruaski izatea, sozialismoa, hizkuntza, banku etikoa, internazionalismoa... eta tankerako gaiak jorratu nahi ditugu.

Horretarako hitzaldiak ditugu baliabide nagusi, baina izan litezke liburu-aurkezpenak ere, bideo emanaldiak, solasaldiak, antzerkiak... Bideak bide, helburua azmarrin hastea dugu. Eta helburu horretan bat egin dezakegu herriko beste eragileekin ere.

Hausnarketa, baina, lehenengo pausoa baino ez da: ekintzak behar duen lehendabiziko urratsa. Izan ere, gure helbururik behinena errealitatea aldatzea da. Eta aldaketa horretarako bidean uste dugu oinarrizkoa dela errealitate hori ezagutzea, dituen gabeziez kontziente egitea eta aldaketarako proposamenak egiteko gai izatea. Pentsatu, sentitu, ekin; horiek dira irudikatzen dugun bidearen mugarriak. Hortaz, hausnarketa dugu abiapuntu; ekitea, jomuga.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina